XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta bat-batean, Don Gonzalok, tupusteko korajez, ezpata hautsi eta alde batera bota zuen.

Horrela, nahita, beste motiborik gabe ezpata hautsi zuelako, hautsirik gelditu zen haren aitonen semetasuna.

Ondoren Sara emeki hartu sorbaldatik eta biak batera abiatu ziren.

Ez zen zaldun, bidaztia baizik.

- Bai, benetako amodioa zen -esan zien Isaac-ek lagunei, eta beraiekin elkartu zen adio moduko besarkada bero batean.

Isaac joan egin zen, eta Fernando eta Joanes bidebazterrean geratu ziren, hari begira; sentipen bat zuten: ez zirela harrez gero lehengokoak izango.

Judutarrak kantari zihoazen, eta Joanes eta Fernando Bitoriara itzuli ziren, belarrian kantaren oihartzuna eramanez:

Jainkoa dugu artzain,
ez zaigu deus faltako,
belar freskoa dagoen lekura garamatza ...

Hirira zirenean, Judutar Auzotik igarotzean, haien arima azpiltzen zuen tristura areagotu egin zitzaien.

Isiltasunak izua eragiten zieten.

Fernandok ezin izan zuen gehiago:

- Oraindik etxera ez.

Goazen, ez dakit nora, baina goazen elkarrekin -eskatu zuen zotinen arteko ahotsez.

Eta norakorik eta hitzik gabe abiatu ziren Bitorian barrena; Dominikoen komentu aurretik igarotzean orduen kantika ari ziren kantatzen bertako fraileak.